INDEUSek, ESLEk parte hartzen duen plataformak, 2020rako helburuak aztertu ditu
INDEUS Industriaren Euskal Plataforma da, SPRI-Enpresen Garapenerako Agentziak bultzatua, Hizkuntza Politikako Sailburuordetza eta Energiaren Euskal Erakundearekin batera.
Euskaraz lan egitea erabaki duten enpresa industrialei laguntzeko sortu zen ekimena, euskarazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak landuz. Eta ibilbide honetan, INDEUSek euskararen presentzia txikia duten enpresei ere ireki dizkio ateak, aurrekoen eskarmentua besteen eredu izango delakoan.
20tik gora enpresa atxikitu dira plataformara 2018.urtean lehen urratsak eman zituenetik hona eta ESLEk haren jaiotzetik parte hartzen du.
Atzo Bilera Nagusia ospatu zuen plataformak eta parte hartzen duten enpresa guztien ordezkariak bertan izan ziren: Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako Sailburuordea, Alex Arriola, SPRIren Zuzendari Nagusia, Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko Zuzendari Nagusia eta CAF, CEIT, CIKAUTXO, COPRECI, DANOBAT, EIKA, ELAY, GOIZPER, IKERLAN, PETRONOR, TECNALIA, VICOMTECH, GAIA, ESLE eta ENERGIA KLUSTEReko ordezkiak bildu dira Bizkaia Plaza eraikinean, Plataformak orain arte egindako ibilbidea aztertu eta aurrera begirako helburuak finkatzeko.
Helburuak
Euskal Autonomia Erkidegoko industria arloan euskararen presentzia areagotuz, euskal enpresen lehiakortasunaren euskarri izatea du helburu INDEUSek. Hori lortzeko bideak ezarri ditu dagoeneko:
- Euskararen kudeaketa aurreratuko enpresek dituzten beharrak eta zailtasunak identifikatzea.
- Enpresen beharrei eta zailtasunei erantzuna emateko bideak aztertzea.
- Euskarak presentziarik ez duen enpresa industrial handiak ekimenera erakartzea.
- Euskara txertatuta duten enpresak gainontzekoentzat eredu izatea.
- Ekimenean parte hartzen duten enpresen arteko komunikazioa eta elkarlana sustatzea.
Lau lantaldetan antolatu dira egitasmoan parte hartzen ari diren enpresa eta erakundeak:
- Euskarazko produktuak. Lantalde honen ardura da, besteak beste, enpresetan erabiltzen diren erremitak identifikatzea eta ikastetxeetako eta enpresetako ordezkarien arteko harremana estutzea, langile etorri berriek softwarea eta aplikazioak euskaraz erabiltzeko dituzten zailtasunen aurrean, hobetzeko bideak uztartzeko.
- Inguru digitala. Lantalde honetan lantzen ari diren esparruak dira: enpresek erabiltzen dituzten softwarearen inguruko informazioa jasotzea eta aholkularitza ematen duten enpresen informazioa biltzea, zerbitzu horiek euskaraz emateko bideak lantzeko, besteak beste.
- Erakunde publikoak. Lantalde honen aztergaiak dira: Administrazoak zerbitzuak euskaraz emateko eskaintzen dituen aukerak ezagutzea eta erakunde publikoek programa eta dirulaguntzetan euskara txertatzeko dituzten aukerak aztertzea.
- Laugarren taldea. Euskararen kudeaketara iritsi berri diren enpresek egin dute bat lantalde honekin. Enpresa munduan hizkuntzaren kudeaketa zer den eta nola bideratzen den ezagutzea, euskara txertatzeko dituzten beharrak identifikatzea eta administrazio publikoak zertan lagun diezaiekeen aztertzea dira bere ardurak.
Ekimenak
Egitasmo honetan parte hartzen ari diren erakunde eta enpresen arteko komunikazioa sustatzeko gune digitala jarriko da martxan datozen egunotan; INDEUSen egindako bileren deialdiak, txostenak eta informazioa jasotzeaz gain, eztabaidagune bat ere izango du erreminta berriak.
Bestalde, Industriaren Euskal Plataformaren sorrera bultzatzearekin batera, SPRIk hiztegi berri bat egitea erabaki zuen, etengabe hitz berriak sortzen dituen industriaren alderdirik aurreratuenari dagokion hiztegi espezializatua hain zuzen ere. Honenbestez, SPRIk bere alea jarri nahi izan du euskararen normalizazio-prozesuan, Industria Berriaren alorrean duen sustatzaile-rola hizkuntzaren eremura ere ekarrita.
Industria Berriaren Hiztegiaren nahia: batetik, jada sortuta dauden euskarazko terminoen zuzentasuna eta egokitasuna aztertzea edo termino berriak proposatzea; bestetik, oraindik euskarazko ordainik ez duten kontzeptuak izendatzeko euskarazko terminoak sortzea, erabiltzaileak aukera hori ere eskura izan dezan.
Elhuyarrek garatu duen hiztegi honek 250 kontzeptu ditu, eta kontzeptu guztiek euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko ordainak dituzte; guztira, 870 termino. Baina hau hasiera baino ez da, hiztegia elementu bizi bat delako, urtero kontzeptu berriak hartuko dituena.